XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horregatik, Udako Euskal Unibertsitatea ez da uztailean ematen diren 600 edo 650 klase-orduak bakarrik, urtean zehar klase horiek emateko egin den lana ere kontutan hartu behar da, hau bait da, azken finean, garrantzirik handiena duena.

Baditu, beraz, bi ardatz UEUren lanak, urtean zehar egiten dena batetik eta Udako Ikastaroetan, urteko lanaren isladapen gisa, burutzen dena bestetik.

Bien arteko proportzioa orekatuago izan beharrak eraman du UEU udako emankizunak hedatzera eta urteko beste garai batean ere ihardunak eskaintzera.

Bide honetatik, 1985eko udan Iruñean egin ziren ikastaroez gain, Baionan ere izan ziren ikastaroak, Iruñekoetatik desberdinak eta Iparraldeko kultur premiei egokituta.

UEU hegoaldera ekartzearekin Iparraldeko jendeak parte hartzeari utzi egin ziola ikusi zen.

Beraz UEUren helburuetako bat bete nahi bagenuen, lurraldetasuna alegia, derrigorrezkoa zen Iparraldea gureganatzea.

Iparraldeko jendea UEUra ez etortzearen kausetako bat urruntasun geografikoa izan daiteke, baina ez zitzaigun hau arrazoi iruditu.

Gure irudiz, Ipar eta Hegoaldeko kultur egoera eta beharrak erabat desberdinak izatea zen, Iparraldekorik Iruñera ez etortzearen arrazoia.

Han, nahiz eta euskaldungoak populazioaren zatirik handiena hartu, euskal kulturak (ikastolak, gaueskolak, etab.) ez dute indar handirik eta premiak eta beharrak beste batzuk dira.

Beraz haiengana jo behar genuela eta premiak azterturik eskaintza berezia egin behar geniela erabaki genuen.

Baionan ematen diren ikastaroek egoera berezi horri erantzun nahi diote eta beraz edukinak, mamiak eta antolakuntzak erlazio txikia dute Hegoaldean egiten denarekin.

Esaterako, Baionako ikastaroetan hizkuntza da aztergai batez ere eta hegoaldekoetan ordea erreminta.

Urte berbereko, 1985eko hain zuzen ere, udazkenean, Donostian, Ihardunaldiak antolatu ziren, publiko orokorrari zuzendutako dibulgazio-mailako hitzaldi eta mahainguruz osatuak.

Ihardunaldi ireki hauen helburua herri osoari unibertsitatean egiten dena modu ulergarriz erakustea da.

Gizartea eta unibertsitatearen artean egon daitekeen zulo soziologikoa ahalik eta txikiena egitea hain zuzen.

Unibertsitateari elite-kutsua kendu nahi zaio hein batean bederen.